Esklerosi anizkoitza nagusi da emakumeen artean (% 70), eta horien % 90ek gaixotasunaren lehen sintomak 50 urte bete baino lehen izaten dituzte. Uste da % 20 eta % 33 inguruk seme-alabak izango dituztela diagnostikoaren ondoren.
Haurdunaldiak hainbat galdera planteatzen ditu, besteak beste, ugalkortasunaren, haurdunaldian Esklerosi Anizkoitzak izan dezakeen bilakaeraren edo gaixotasuna ondorengoei transmititzearen inguruan. Denetarako erantzunak daude.
Haurdunaldia, gai pertsonala
Esklerosi Anizkoitza bezalako gaixotasun kroniko bat duen pertsona batek aholkularitza pertsonalizatua behar du bizitzan zeharreko edozein egoeratan.
Esklerosi Anizkoitza duten emakumeen kasuan, haurdunaldiaren plangintza modu askean eta indibidualizatuan egin behar den kontu pertsonala da, arriskuak eta onurak ahalik eta askatasun handienarekin eta adituen aholkularitzarekin onartuz. Horrek esan nahi du, lehenik eta behin, aukera hori egitera daramaten arrazoiak ulertzea eta argitzea, eta izan daitezkeen aldaketen jakitun izatea; ondoren, zalantza guztiak neurologoarekin kontsultatzea, erabaki hori hartzeko informazio zehatza eta itxaropen errealistak izateko.
A priori, badira kontuan izan beharreko gai orokor batzuk:
Haurdunaldiaren aurretik
- Emankortasuna: ez dago ebidentziarik Esklerosi Anizkoitzak emakumeen ugalkortasunari eragiten dionik esateko, baina bai Laguntza Bidezko Ugalketa Teknikek (LBUT) agerraldien tasa eta erresonantzia magnetikoz neurtutako hanturazko jarduera handitu ditzaketela.
- Plangintza: Esklerosi Anizkoitzaren egoera egonkorrarekin bat etorri behar du.
- Pronostikoa: amatasunak ez du Esklerosi Anizkoitzaren epe luzerako pronostikoa aldatzen.
Haurdunaldian zehar
- Birgaixotzeak: berriz gaixotzen direnen tasak behera egiten du, batez ere haurdunaldiaren hirugarren hiruhilekoan. Haurdunaldiko hobekuntza hormona-aldaketek eragin dezakete, hala nola estrogenoak, progesterona eta prolaktina gehitzeak, hanturaren aurkako eragina baitute.
- Medikazioa EAn: eten egin behar da haurdunaldia planifikatzen denetik, ahal den neurrian. Tratamenduarekin jarraitzea erabakitzen den salbuespenezko kasuetan, ‘fitxa teknikotik kanpo’ eskatzen da. Arriskuak eta onurak ezagututa, pazienteak baimen informatua sinatuko du.
- Gaixotasunaren jarraipena: ez da deskribatu erresonantzia magnetikoak eragin kaltegarririk duenik haurdunaldian zehar, baina bere segurtasuna ez dago behar bezainbat bermatuta, murrizketarik gabeko erabilera babesteko. Hala ere, larrialdi mediko batean erabil liteke, baldin eta balizko onura klinikoek balizko arriskuak gaindituko balituzte.
- Gaixotasunaren transmisioa: Esklerosi Anizkoitza garatzeko arriskua aita-amengandik heredatzen diren faktore genetikoek zehazten dute. Ikusi da gurasoetako batek EA duenean, seme-alabek % 2ko arriskua dutela gaitza garatzeko bizitzan zehar. Arrisku hau % 6-12raino handitzen da bi gurasoek EA duten kasuan.
Erditzea
- Teknika: Esklerosi Anizkoitzak ez du eskatzen erditzeko teknika jakinik, erabaki obstetrikoa da.
- Anestesia orokorra, lokala edo epidurala: ez dago kontraindikazio neurologikorik, ez du eraginik gerora berriz gaixotzeko arriskuan.
Erditu ondorena
- Agerraldiak: erditzearen osteko hiru hilabeteetan agerraldi bat pairatzeko aukera handiagoa da, bereziki haurdunaldiaren aurreko urtean birgaixotzeak izan dituztenek.
- Amagandiko edoskitzea: ez dago kontraindikatuta, baina bateraezina da Esklerosi Anizkoitzaren medikazioarekin. Beraz, komenigarria da modu pertsonalizatuan baloratzea arriskuak eta onurak.
Artikulu honen laburpena
‘Esclerosis múltiple, maternidad y cuestiones relacionadas con el género’
- Mendibe Bilbao, S. Boyero Durán, J. Bárcena Llona, A. Rodriguez-Antigüedad